AMIANTOA

Patricio Echeverriako (Legazpi) langile ohi baten alargunari onartu diote gaixotasun profesional baten ondorioz sortutako pentsioa

2023/03/27
Bidelagun Fundazioak -ELAk lan osasuna bultzatzeko sortutako fundazioa- aurkeztutako errekusazio bati esker, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak alargun pentsioa aitortu dio Patricio Echeverriako (Legazpiko fabrika, Gipuzkoan) langile ohi baten emazteari, bere lanpostuan amiantoaren kontaktuan egoteagatik gaixotu zela iritzita. Gauzak horrela, Justizia Auzitegi Nagusiak errebokatu egin du aldez aurretik Donostiako Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak emandako epaia: alargunari eskubide hori ukatu zion, besteak beste, hildako langileak erretzen zuelako eta tabakoa erretzeko ohitura handia zuelako. Bidelagun Fundazioak dio lanean amiantoarekin kontaktuan egoteagatik gaixotzen direnen familiek birbiktimizazioa jasaten dutela epaitegi horretan, ez baitu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salaren jurisprudentzia bera kontuan hartzen. Horrela, epaitegi hau amiantoaren biktimentzat eta haien familientzat “zulo beltza” dela deitoratu du.

Lan Arloko Salak zuzendu egin du Donostiako Lan Arloko 4 zenbakiko epaileak esandakoa, eta honako hau adierazi du: “langilearen gaixotasuna, biriketako kartzinoma mikrokritikoa, biriketako gaixotasun neoplasikoaren ondorioz sortu zen, beraz, gaixotasun profesionaltzat jo behar da, nahiz eta hura erretzailea izan”.

Epaiak jasotzen du, halaber, hildako langilearen kartzinoma mikrokritikoa bere lanarekin lotu behar dela. Sententzioak dioenez, “Lan hori galdaketa labetik metala jasotzen duten lingoterak maneiatzeko erabili behar zuen garabi batekin egiten zuen, eta galdaketa labeen estaldura kentzeko eta estaldura isolatzailea kentzeak sortzen zituen hondakinak kentzeko lanak ere egiten zituen. Lan horiek garabi baten kabinan egiten zituen, galdaketa labeen gainetik zazpi bat metrora. Kabina hori, ordea, ez zen kabina itxi bat izan 2003ra arte, eta, hala, bere lan bizitza osoan lan egin zuen altzairutegian amiantoa erabiltzen zen eta amiantoa kentzeko lanak egin ziren 2002 eta 2010 artean. Litekeena da langilea amiantoarekin kontaktuan egon izana”.

Fundazioak gogorarazi du gero eta gaixotasun profesional gehiago daudela amiantoaren kontaktuan egoteagatik, kontrol publiko eskasaren ondorioz eta joan den XX. mendean enpresek ez zituztelako jarri behar besteko segurtasun neurriak.

ELAk eta Bidelagun Fundazioak behar adina baliabide eskatzen dizkiete erakunde publikoei, langileen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko. Amiantoaren kasuan, premiazkotzat jo dute Biktimentzako Konpentsazio Funtsa garatzeko Erregelamendua onartzea. Azpimarratu dutenez, urtarrilaren 20an onartu behar zen eta hura gabe, biktimek ezin dituzte eskatu funtseko kalte ordainak.