LAN OSASUNA

Bidelagun Fundazioak lortu du Carlos III.a ikastetxeko irakasle batek lan arazoek eragindako estresagatik izandako baja lan istripu deklaratzea

2023/06/21
ELAren artxiboa
Iruñeko Carlos III.a Ikastetxe Teknikoko irakaslea ia urtebete egon zen bajan, egokitze nahasmenduagatik, ikastetxean sortutako lan arazoen ondorioz. ELAko ordezkari sindikala zen.

Iruñeko Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak adierazi du Iruñeko Carlos III.a Ikastetxe Teknikoko irakasle batek egokitze-nahasmenduagatiko baja hartu izana lantokian sortutako lan arazoen ondorio dela.

Epaiak jasotzen duenez, 2016an, langileak ordezkari sindikal gisa egindako jardueren bidez ezagutu zuen eta Carlos III.a ikastetxeko batzarrean transmititu zuen informazio ekonomiko baten ondorioz, arazoak izan zituen enpresako gerentearekin, eta ikastetxera sartzeko giltza kendu zioten, une hartan hura eduki ezin zuen irakasle bakarra izanik. Epaiak jasotzen du, halaber, ahoz eta behin baino gehiagotan jakinarazi zitzaiola konfiantza galdu zutela berarekin.

Honetaz gain, epaiak jasotzen du 2018an bere funtzioak aldatu zituztela, eta komunikazio irakasle gisa jarduerak egiteari utzi behar izan zuela ordenagailuen muntaia irakasteko. Zeregin horretarako langilea ez zen prest sentitzen, eta, aldi berean, beste pertsona batzuk kontratatu ziren aurreko jarduera egiteko.

Bestalde, NOPLOIk, 2020ko uztaileko txostenean, ondorioztatu zuen ezin dela baztertu lan baldintzek eragin izana egokitze-nahasmenduaren koadro klinikoa.

Hori guztia oinarri hartuta, epaiak ondorioztatzen du egiaztatuta geratu dela langileak egokitze-nahasmenduko baja-prozesu bat izan zuela 2019/09/02tik 2020/08/19ra arte, irakasle gisa lan egiten zuen lantokian sortutako lan arazoen ondorioz.

Bidelagun Fundazioak, ELA sindikatuak Lan Osasuna sustatzeko sortu eta kasu honen zuzendaritza juridikoa eraman duen Fundazioak, oso positibotzat jotzen du epai hau. Izan ere, laguntza bera ematen du lantoki askotan isilean bizi den arazo psikosoziala ikusarazteko, eta, aldi berean, abusu egoerei aurre egiteko bide sindikal zein juridikoak daudela erakusten du.