Bidelagun Fundazioak lortu du GSINak onartzea langile bat amiantoaren eraginpean egoteagatik hil zela eta haren alargunari laneko-gaixotasunagatiko pentsioa ematea

2022/05/31
GSINak baietsi egin ditu Bidelagun Fundazioak egindako alegazioak, eta onartu egin du langilearen heiotza eragin zuen mesotelioma gaixotasuna amiantoaren eraginpean egoteagatik pairatu zuela.

Hildako langileak Forjas Alavesas, SA eta Acenor, SA enpresentzat lan egin zuen 1973tik 1995era, eta amiantoaren eraginpean egon zen bere ohiko zereginetan. Hasiera batean, GSINak alargunari alargun-pentsioa eman zion erregimen orokorragatik, baina 2022ko martxoaren 15eko Ebazpenaren bidez, baietsi egin da Bidelagun Fundazioak egindako eskaera, eta, ondorioz, onartu egin da amiantoaren eraginpean egoteagatiko heriotzaren kontingentzia profesionala.

Bidelagun Fundazioak -ELA sindikatuak lan-ezbeharren aurrean eta, zehazki, amiantoaren eraginpean egotetik eratorritako gaixotasun profesionalen arazoaren aurrean erantzun espezializatua emateko sortutako erakundea da. Fundazioak txalotu egiten du GSINaren ebazpen hau, hildakoaren alargunari eta seme-alabei aukera ematen baitie orain segurtasun-neurririk ezagatiko prestazioen errekargua eskatzeko eta baita erantzukizun zibilagatiko kalte-ordaina ere.

Bidelagun Fundazioak eta ELA Sindikatuak ohartarazi nahi dugu amiantoarekiko kontaktutik eratorritako lanbide-gaixotasunak gero eta gehiago direla eta ia dimentsio pandemikoak dituztela, hori guztia XX. mendean enpresek izan zuten kontrol publiko eskasaren eta erabateko segurtasun-neurrien faltaren ondorioz.

Aipatu behar dugu gainera, horrelako patologien latentzia aldia, 30 urtekoa gutxi gorabehera, eta ia guztiak kantzerigenoak, eta fenomeno horiek ikusezin bihurtzeko eta lan-giroarekin konektatua ez izateko joera dagoela. Hori dela eta, ELA eta Bidelagun Fundazioaren ustez, lehentasun politiko eta soziala izan behar du laneko osasun-arazo larri horri aurre egiteak, prebentzioari eta kontrolei arreta fokua eta baliabideak emanez. Eta, zehazki, amiantoaren biktimena bezalako gai sentikor batean, hitzetatik ekintzetara pasatu behar da eta Amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsari behin betiko bultzada ematea eskatzen dugu, zuzenean kaltetutako langileak eta haien senideak osorik babesteko, dagozkien kalte-ordainak bermeekin kobratu ahal ditzaten. Era berean, ELAk, ordezkaritzarik handiena duen sindikatua den aldetik, ezinbestekotzat jotzen du Konpentsazio Funts horren eraketan bere ekarpenak entzun eta aintzat hartzea.