EAEko Auzitegi Nagusia
Amiantoak eragindako gaixotasun profesionalaren ondorio gisa onartu du La Navaleko langile baten heriotza, Covid-19az kutsatuta hil ondoren
2023/04/13EAEko Auzitegi Nagusiak La Navaleko langilearen heriotza gaixotasun profesionalaren ondoriozkoa dela aitortu du, Bilboko lan arloko 6 zenbakiko epaia errebokatuz. Epai horrek demanda ezetsi zuen heriotzaren arrazoia Covidaren kutsatzea zela argumentatuz. La Navaleko ontzioletan amianto-zuntzekin kontaktuan lan egin zuen langileak birikietan kaltzifikatutako pleura-plakak zituen, disnearekin, baseetan nagusi diren bronkiektasiekin eta neumopatia interstizialarekin, eta ospitaleratuta egon zen behin baino gehiagotan arnas patologia larritzeagatik. 2021eko abuztuan, langilea arnas gutxiegitasunagatik hil zen, Covid-19az kutsatu ondoren.
Epaiak onartzen du langileak gaixotasun profesional bat zuela, amiantoak eragindako pleuraren fibrosante-afekzioa eta arnas murrizketa zituelako. Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, langilea Covid-19arekin hiltzeak, eta baita heriotzaren berehalako kausa hori izan zela onartzeak ere, ez du esan nahi gaixotasun profesionalarekin lotura kausala baztertu behar denik, heriotza bezalako gertakari konplexu batean ez baitu zertan izan kontingentzia profesionaltzat jotzeko kausa bakarra edo esklusiboa.
Epaiak adierazten du egiaztatuta dagoela langileak arnas gaixotasun profesional bat zuela eta arnas neumoniak jota hil zela, eta, beraz, gaixotasun horren eraginen bat izan behar zuela heriotzan. Justizia Auzitegi Nagusiak adierazten du, langileak (kasu honetan, bere alargunak) ez duela bere arnas patologiaren eta heriotzaren arteko erlazioa egiaztatzeko frogaren karga; aitzitik, erlazioa ukatzen duenak egiaztatu behar du amiantoaren ondoriozko gaixotasunak ez zuela zerikusirik izan amaierarekin.
BIDELAGUN FUNDAZIOAk, ELAk lan-osasuna bultzatzeko sortutako fundazioak, epaia ospatu du, gogoan izan behar baitugu amiantoaren biktimak, arnas patologiak izatean, pertsona kalteberak izan direla Covid-19aren pandemian.
BIDELAGUN FUNDAZIOAk eta ELAk, gainera, gogorarazi nahi dute amiantoarekin kontaktuan egotearen ondoriozko gaixotasun profesionalak gero eta ugariagoak direla, eta ia dimentsio pandemikoa dutela, hori guztia kontrol publiko nahikorik ez izateagatik eta enpresek XX. mendean segurtasun-neurri gehiago ez hartzeagatik.
Ezinbestekoa da erakunde publikoei eskatzea behar beste baliabide eslei ditzatela langileen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko, eta, zehazki, amiantoaren biktimena, Konpentsazio Funtsa garatzeko Erregelamenduaren zain jarraitzen baitute. Erregelamendu hori urtarrilaren 20an onartu behar zen, eta, hori gabe, biktimek ezin dituzte funts horretan jasotako kalte-ordainak eskuratu.