Amiantoaren eraginpean egoteagatik hildako langile baten alargunari %40ko errekargua ordaintzera kondenatu dute Fagor Ederlan Tafalla
2022/10/10Bidelagun Fundazioa, ELAk prekarietatearen eta lan-ezbeharren aurka modu eraginkorragoan eta espezializatuagoan borrokatzeko sortutako erakundea da. Bidelagun Fundazioak gogoratu nahi dugu Fagor Ederlan Tafalla, S. K. kondenatzen duen epai berri hau bigarren epaia dela, amiantoarekiko lan-esposizioan segurtasun-neurriak ez betetzeagatik.
Horregatik, prozesu hau eraman duten Bidelagun Fundazioko zerbitzu juridikoek, ulertezintzat jotzen dute enpresak bere erantzukizun nabarmena ukatzea eta hildakoen alargunak epaitegira joatea behartzea, horrek familiei dakarkien birbiktimizazioarekin.
Ildo horretan, ELAk eta Bidelagun Fundazioak erantzukizunez eta enpatiaz jokatzeko eskatu diete enpresei, eta bide judiziala beharrik gabe luzatzeari uko egiteko behingoz, bide horrek eragindako pertsonen sufrimendua areagotzeko baino ez baitu balio. Era berean, eta etorkizunerako Amiantoaren Biktimentzako Konpentsazio Funtsa Legebiltzarrean izapidetzen ari den testuinguru honetan, bi erakundeek langile klasearen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko behar beste baliabide esleitzeko eskatzen diete erakunde publikoei, eta berretsi egiten dute lantokietatik produktu kantzerigenoak ezabatzearen alde borrakatzeko konpromisoa.