Elak Bidelagun Fundazioa sortu du

Bidelagun Fundazioa sortu du ELAk lan prebentzioan eraginkorragoa izateko eta Nafarroako enpresetan urtean gertatzen diren 11.000 istripuak murrizteko

2022/05/24
Espezializazioa eta berrikuntza juridikoa tresna izango dira “enpresentzat garestiagoa izan daitezen istripuak edo gaixotasunak prebentzio neurriak baino”

ELAk Bidelagun Fundazioa sortzea erabaki du, izaera propioarekin, eta enpresek lan osasunean egiten dituzten hausteei modu eraginkorragoan erantzuteko tresna izango da. Saioa Urrizak, eskualde arduradunak, eta David Penak, Bidelaguneko abokatuak, gaur eskainitako prentsaurrekoan azaldu dute 20 pertsona hil ziren 2021 urtean lan istripuetan Nafarroan; gainera, heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz. Kopuru hori onartezina da, eta ez du behar besteko alarma sortzen enpresa munduan. "Argi dago – adierazi dute– enpresak prentzioaz arduratzen hasiko direla istripuak prebentzio neurri horiek baino garestiagoak zaizkienean”.

Helburu horrekin, prestakuntzaren eta kalte ordainen bidez lan osasunean lorpen eraginkorrak lortzea da ELAren xedea Bidelagun Fundazioarekin. Durangon izango du egoitza nagusia, Hego Euskal Herriko kasuei heltzeko.

Bidelagun Fundazioa sortu da ELAk egiaztatu duelako lan osasuneko espezializazioak ahalbideratu duela berrikuntzaren eta bide berrien bidez bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidearen defentsa are eraginkorragoa izatea. Horren adibide dira pandemiako kautelazko neurrien eskaera; silizearen eta amiantoaren aurkako arrakasta juridikoak; edota enpresek arriskuak sortzen dituztenean, istripua eta gaixotasuna gertatu ez izanagatik ere, lortutako prebentziozko kalte ordainak.

Amiantoaren eta silizearen kasuan, ELAk kalte ordain handiak jaso ditu Tafallako Fagor Ederlan eta Sunsundeguin, besteak beste, lan egin zuten hildakoen senideentzat. Duela gutxi, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak %40ko errekargua ordainarazi dio Tafallako Fagor Ederlani biriketako minbizi baten ondorioz hildako Victorio Luzuriagako langile ohi baten emaztearen alarguntza-pentsioaren alde.

Azken finean, lan osasunean lan eskerga egiteke baitago: Nafarroan egunero 30 pertsonek baja hartzen dute lan istripuengatik, arazo psikosozialak dituzten milaka pertsonez gain. ELAk arlo horretan konpromiso sendoa hartuko du datozen urteotarako (kongresuan berretsi zuenez). Saioa Urrizak ohartarazi du, beraz, prebentzio eta lan osasunari lotutako neurriak hartu ez, eta langileei kalteak eragiten dieten enpresei “garestiago aterako zaiela neurri horiek ez betetzea istripuak izatea baino”.