COVID iraunkorra

Bidelagun Fundazioak lortu du epaitegietan COVID-19 iraunkorra duen Hezkuntza Saileko langile baten alta atzera botatzea

2023/06/21
Ebazpen judizialak frogatutzat ematen du langileak COVID-19 sintomatologia iraunkorra zuela mediku alta jaso zuen unean. Epaia irmoa da eta beraz, ez du errekurtsorik onartzen.

Donostiako Lan Arloko 3 zenbakiko epaitegiak bidegabe jo du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak COVID-19 iraunkorra duen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Bereziko irakasle bati emandako mediku alta. Ebazpen judizialak, beraz, langileari dagokion prestazio ekonomikoa eta osasun laguntza ordaintzen jarraitzera kondenatu du GSIN, sendatu arte edo ezintasun iraunkor baten eraginpean dagoela deklaratu arte.

Epaiak langilearen koadro klinikoaren berri ere ematen du, GSINak alta emateko aintzat hartu zuena baino askoz konplexuagoa baita. Hala, epaian frogatutako gertakariek adierazten dutenez, langileak, alta medikoa jaso zuen unean, laneko baja eragin zuen ondorengo COVID-19 iraunkorraren sintomatologia berbera zuen. Ondoez orokorra, astenia eta hainbat min zituela bizkarrezur zerbikalean, sorbaldetan, coxian, eztarrian eta belarrietan. Zefaleak, takikardiak, zorabioak, nekea eta insomnioa ere pairatzen zituela, apetitu urria, dardarak eskuan eta hilekoaren desmoldaketak. Kontzentraziorik eta memoria blokeoa bazuela, eta medikuaren jarraipena jaso zuela kardiologia, arnasketa, neurologia, traumatologia eta errehabilitazioko zerbitzuengandik.

Bidelagun Fundazioak ELA sindikatuak Lan Osasuna sustatzeko sortutakoak eta kasu honen zuzendaritza juridikoa eraman duen Fundazioak, oso positibotzat jotzen du epaia; izan ere, gaixotasun hori duten pertsonak eta haien problematika zehatza ikusarazten laguntzen du, eta, aldi berean, COVID-19 iraunkorra duten pertsonen bizi egoera hobetzeko erantzun juridikoak artikulatzeko aukera ematen du.