Bidelagun fundazioak salatu du Autlán EMD (lehengo CEGASA) enpresak langileak behartu dituela substantzia toxikoen maila onartezinetan lan egitera
2022/09/26Bidelagun fundazioak -ELAk sortutako erakundea, laneko ezbeharrei eta gaixotasun profesionalei erantzun espezializatua emateko- salaketa jarri ondoren, epaiaren zain geratu da Oñatiko (Gipuzkoa) Autlán EMD -lehengo CEGASA- enpresaren aurkako epaiketa, bere langileak behartu dituelako azido sulfurikoaren hodei azidoen eta manganeso hautsaren esposizio maila onartezinetan lan egitera. Gaur, irailak 26, epaiketa egin da Eibarko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegian. Langileetako bati laneko asma aitortu zaio lanbide gaixotasuntzat. Gauzak horrela, enpresari eskatu dio lan harremana etetea, kaleratzea ordaintzea eta kalte ordain gehigarria.
ELAk gogorarazi du Lan Ikuskaritzaren eta Osalanen ebazpen ugari daudela, batez ere 2018tik gaur arte, arazo horretaz ohartarazteko eta enpresari esku hartu dezan eskatzeko. Orain arte, ordea, ez du neurririk hartu langileen osasuna babesteko.
Enpresa arazoa minimizatzera mugatu da, nahiz eta neurketa higienikoen emaitzak argiak izan: azido sulfurikoaren lainoekiko esposizioa eskatutako ingurumen muga-balioa baino 62 aldiz handiagoa da. Ildo beretik, 2017 eta 2021 artean egindako 32 neurketetatik 22 alditan gainditu da esposizioaren muga balioa.