COVID iraunkorra eta lan-mundua.
COVID iraunkorra: lanean kutsatu arren, laneko gaixotasuna duzula ukatzen denean
2022/09/30Gaixotasun hori oraindik ezezaguna da eta ez dira behar bezala aztertu bere ondorioak. Gainera, harreman bikoitza du lan munduarekin: alde batetik, pertsona asko gaixotu ziren lanean -Batez ere zaintzarekin, osasunarekin eta merkataritzarekin lotutako sektoreetan-; bestetik, COVID iraunkorra pairatzen dutenek arazo larriak dituzte gaixotasun profesional gisa onartua izateko.
Bilboko Arrupe Etxean egin den hitzaldian honako hauek hartu dute parte: Felix Zubiak (Donostiako ZIUko burua eta EHUko irakaslea), Isabelle Delgadok (Long Covi elkarteko presidentea), Izaro Mujikak (ELAko Lan Osasuneko goi-mailako teknikaria), Cristobal Molinak (Jaengo Unibertsitateko Lan Zuzenbideko katedraduna) eta Ainhoa Ordorikak (Bidelagun Fundazioko kidea).
Felix Zubia pandemia garaiko erreferentziazko medikuak ireki du eztabaida.
Azaldu duenez, COVID iraunkortzat jotzen da gaitza 12 aste baino gehiagoz luzatzen denean, dirudiena baino ohikoagoa den errealitatea. Datuak eskaini ditu: Nafarroan, herritarren % 62k izan du COVID-19a; 30 urtetik beherakoen artean, % 80k. Intzidentzia handiagoa da emakumeen artean: % 60k dio nekea duela, eta % 40k arnasteko zailtasunak dituela. Erresuma Batuan, birusa duten pertsonen % 9,9k albo ondorioak ditu gaur egun.
Sintomei dagokienez, Zubiak adierazi du sintoma neurologikoak ager daitezkeela, besteak beste, kontzentratzeko edo loa hartzeko zailtasuna, nekea –kasuen % 60an-, antsietatea edo depresioa; baita bihotzeko eta urdaileko arazoak ere. Hala ere, aitortu du oraindik ez dakitela zergatik gertatzen den. Bide beretik, hausnarketarako galdera bat egin du: sintoma horiek birusaren ondorio baino ez dira ala, agian, pandemian sortutako faktore sozialek ere badute zerikusia, hala nola isolamenduak, estresak edo beldurrak?
Gogorarazi du ezer gutxi dakigula gaitz horiek tratatzeko tratamenduari buruz, baina gaineratu du errehabilitazioak emaitza onak ematen dituela.
“Eguneroko bizitza zailtzen duten sintomak dira”, ondorioztatu du Isabelle Delgadok. Gaineratu du paziente batzuek 53 egunez jarraian izan dutela buruko mina. “Konfinamenduan hasi zen gure amesgaiztoa, eta oraindik jarraitzen du”, kexu da.
Izaro Mujikak, bere aldetik, langileen eguneroko arazoak azaldu ditu.
Ainhoa Ordorikak, 15 urtez ELAko abokatua eta gaur egun Bidelagun Fundazioan, COVID iraunkorrak lan-munduan dituen ondorioak aztertu ditu eta horiei nola aurre egin planteatu du.
Lehenik eta behin, gogorarazi du pandemian funtsezko langile izendatutako pertsonek euren burua behartuta ikusi zutela euren lan zentroetara joatera. Ondorioz, horietako asko kutsatu ziren. Erakundeek, ordea, ez zuten aitortu lan gaixotasuna zenik eta gaixotasun arrunt gisa tratatu zuten.
Aurrekoaren ildotik, Cristobal Molinak aztertu ditu COVID iraunkorra laneko gaixotasun gisa aitortzeko bideak. Azaldu du LANEk (Lanaren Nazioarteko Erakundea) jada oinarrizko eskubidetzat hartzen duela osasun egoera. "Hau aukera paregabea da langileak defendatzeko gai honetan", azpimarratu du. Kontua da: nola froga dezakegu pertsona bat lanean kutsatu dela?
"Jokoan dagoena oinarrizko eskubide bat da, beraz, epaiketa batean froga bakarra aurkeztuta, enpresaren ardura da kontrakoa frogatzea. Hau da, zantzu bakarra emanda, enpresak frogatu beharko du langilea ez dela enpresan kutsatu, eta ez alderantziz. Birusarekin eta sintomatologiarekin kontaktuan egon garela frogatu behar da".
Molinak azpimarratu du COVID-19ak dimentsio konstituzional argia duela eta eragina duela oinarrizko eskubideetan, osasunerako eskubidean eta diskriminatuak ez izateko herritar orok duen eskubidean.
Era berean, alderdi juridikoari dagokionez, gai horrek genero dimentsioa ere baduela esan du, eta gainerako gaixotasunen kasuen bezala, klase irakurketa argia.
"Abokatuen lana da juridikoki testuinguru horretan mugitzea demanda bat egiteko orduan", ondorioztatu du.