ENPRESAK EZ ZITUEN BETE PREBENTZIO-ARLOKO BETEBEHARRAK
Koyo Bearing Espainia enpresak 100.000 euro baino gehiago ordaindu beharko dizkio amiantoagatik hildako langile baten familiari
2022/01/31Epaiak egiaztatutzat jo du hildako langilea, 1996ko otsailetik 2007ko apirilera enpresan lanean izan zena, amianto-hautsaren eraginpean egon zela, beharrezko segurtasun-neurririk gabe. Zehazki, ebazpen judizialak adierazten du denbora-tarte horretan -1996ko otsailetik 2007ko apirilera- enpresa demandatuak ez zuela inolako segurtasun-neurri pertsonal edo kolektiborik hartu. Gauzak horrela, justiziak ondorioztatu du langilea amiantoarekin harremanetan egon zela 11 urtez, nahiz eta garai horretan aski ezaguna zen substantzia hori kaltegarria zela. Are gehiago, amiantoaren manipulazioari buruzko arau-bateria handi bat bazegoen indarrean orduan ere, baina enpresak ez zuen bete.
ELAren esanetan, epai honek agerian uzten du berriz ere amiantoarekiko kontaktuak eragindako “laneko gaixotasunen drama, hau da, enpresek XX. mendean kontrol publikorik eta segurtasun-neurririk ez izatearen ondorioz eragindako fenomeno latza”.
Horregatik, langileen osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko behar adina baliabide esleitzeko eskatu die ELAk erakunde publikoei. Amiantoari dagokionez, premiazkotzat jo du amiantoaren biktimak konpentsatzeko funtsari behin betiko bultzada ematea, gaixoek eta haien senideek dagozkien kalte-ordainak bermeekin kobratu ditzaten. Era berean, sindikatu nagusia den aldetik, ezinbestekoa iruditzen zaio konpentsazio-funts hori eratzerakoan bere ekarpenak kontuan hartzea.