LAN OSASUNA

Lan istriputzat jo dute Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo) mediku baten antsietate baja

2023/03/20
Justiziak arrazoia eman dio Bidelagun Fundazioari -ELAk lan osasuna sustatzeko sortutako fundazioa-, eta lan istriputzat jo du Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo) mediku baten antsietate baja. Gasteizko Lan Arloko 4 zenbakiko Epaitegiak otsailaren 28an emandako epaiak jasotzen du kirurgia plastikoaren zerbitzuan dauden lan gatazkek eragindako lan istripua dela baja (2021eko urriaren 22an hasitakoa). Hau da, ebazpen judizialak aitortzen du gatazka bat dagoela buruzagitzaren eta zerbitzuko hainbat mediku profesionalen artean, zereginen eta eginkizunen delegazioarekin eta lanaren plangintzarekin lotuta, eta horrek eragin duela antsietate baja. Epaiak jasotzen duenez, egiturazko elementuak ez ezik, komunikazio falta dago gatazkan inplikatutako alderdien artean eta horrek lana zailtzen du eta harremanak okertzen ditu, kalte emozionalak eragiteraino.

Bidelagun Fundazioaren ustez, oso positiboa da Justiziak onartu izana bajaren kontingentzia lanekoa dela, lanaren arrisku psikosozialek eragindakoa. Era berean, adierazi du epai horrek atea irekitzen diola Osakidetzari neurri faltagatik prestazioen errekargua eskatzeko izapideak hasi ahal izateko.

Gauzak horrela, arrisku psikosozialen inguruko prebentzio neurriak eskatu dizkio Osakidetzari, bertako langileen osasuna bermatzeko. Era berean, herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitateari eustea eskatu du.