COVID-19 iraunkorra
Langile bati ezintasun absolutua aitortzen dion epaia irabazi du ELAk
2023/02/06Covid Iraunkorra duen osasun zentro bateko zeladore bati ezintasun iraunkor absolutua eman dio Bilboko Lan Arloko epaitegiak, ELA sindikatuari arrazoia emanez. ELAren lan osasuneko fundazioari bide emango dio kalte ordainak eskatzeko. 2020ko martxoan koronabirusak eragindako infekzio bat izan ondoren, COVID-19 luzea edo iraunkorra diagnostikatu zitzaion langileari; baita COVID-19 ondorengo neke kronikoa, COVID-19 iraunkorreko sindrome depresibo erreaktibo larria eta narriadura kognitibo moderatua ere.
Epai horrek aukera ematen dio Bidelagun Fundazioari, ELAren lan osasuneko fundazioari, kalte ordainak eta enpresak prebentzio neurriak ez betetzeagatik prestazio errekargua eskatzeko. Izan ere, pandemiaren lehen olatuan lan egin zuten langileek babes neurri egokirik gabe jardun zuten.
COVID-19 luzearen ondorioz, lanarekin bateraezinak diren sintomak ditu langileak, hala nola nekea, zorabioak, ezegonkortasuna, insomnioa, laino mentala eta takikardia. Narriadura kognitiboa ere badu; kontzentrazioan, prozesamendu abiaduran eta memorian eragina duena.
Gainera, ikuspegi fisikotik, ezkerreko hemiparesia du, herrenka ibiltzen da, ezegonkortasuna zorabio sentsazioarekin, parestesiak, orientazio eta indar galera orokorra.